Uda hau oso positiboa izan da Jon zabalarentzat. Markinarrak, Diego Beaskoetxearekin batera Hondarribiko Grand Slamean lehiatzen ari denak, ez zuen espero Gernikako Grand Slameko pilotarien taldean sartzea: “Ezustekoa izan zen, baina oso gustura egon nintzen; joko mailan oso ondo sentitzen ari naiz”.

Bien agendak koadratzeko zailtasunek Hondarribian lehiatu aurretik entrenatzea eragotzi zieten arren, Zabalak eta Beaskoetxeak B multzoko lehen puntuak eskuratu zituzten pasa den ostiralean Jostaldi pilotalekuan, Jokin Arbe eta Imanol Lopezen aurka irabazi ostean.

Izan ere, atzelariak berak azaldu bezala, Jon eta Diego aspaldiko ezagunak dira. “Lau urte eman genituen Amerikan, elkar ondo ezagutzen dugu. Gainera, Diegok esperientzia handia du, ehuneko ehuneko konfiantza dut berarengan eta ahal dudan guztian lagunduko diot “, gaineratu du Zabalak.

Cholo Simeonen hitzak errepikatuz, Hondarribian “partidaz partida” joan behar dela esan du markinarrak. Oraingoz, lehenengoa irabazita daukate. Zabalak eta Beaskoetxeak atsedena hartuko dute aste honetan eta urriaren 1ean berriz lehiatuko dira, Alex Hormaetxea eta Xabi Mancisidorren aurka.