Mutrikun atzo gauean ospatutako JAI ALAI WORLD TOURreko zesta jardunaldia gezamina izan zen. Jokatutako lau setetatik, hiru oso borrokatuak izan ziren.Tamalez, azkenekoan Ekaitz Mendizabal “Goixerri” puntistak mina hartu zuen bizepsan eta Unai Lekerikarekin Jon Goenaga eta Aimar Aldazabalen kontra jokatzen ari zen partidua bertan behera gelditu behar izan zen, lehenengoak 4-2 irabazten zirelarik.

Beraz, datorren ostiralean, uztailak 23, Miruaitz pilotalekuan jokatuko den Mutrikuko Master Series-aren finalean parte hartuko duten bikoteak Barandika-Mancisidor eta Goenaga-Aimar izango dira.

“Pena bat izan da”, zioen atzo gauean Aimar Aldazabalek, Goixerriren lesioari buruz. “Lehenengo seta borrokatua izan da, 15 eta 12 galdu dugu baina laurok joko polita egin dugu eta jendea gustura egon da”, jarraitu zuen zestalariak.

Lehenengo partiduari dagokionez, lehenengo setaren azken minutuak izan ziren borrokatuenak. Izan ere, Xabi Barandikak eta Mikel Mancisidorrek oso final ona izan zuten lehenengo zati horretan Iñaki Osa Goikoetxea eta Aratz Mendizabalen kontra, 13-10 galtzen ari baitziren. “Ahal izan dugu parekatu eta azkenean 14-14aren tantoan zortea izan dugu eta gure alde amaitu da”, adierazi zuen Barandikak.