Mutrikuk Gipuzkoako zesta-punta denboraldiari hasiera emango dio bihar, uztailak 17. Lurraldeko kostaldeko mendebaldeko erpinean kokatutako udalerria izango da JAI ALAI WORLD TOUR 2021 Master Series txapelketa hartuko duen lehenengoa. Hala, Madalenetako jaietan, bi zesta jardunaldi jokatuko dira Miruaitz pilotalekuan.

Larunbat honetako hitzorduan bi finalerdiak jokatuko dira, 22.00etatik aurrera. Lehen partidan, Iñaki Osa Goikoetxea aurrelariak eta Daniako (Miami) pilotalekuan zaildutako Aratz Mendizabal gazteak Xabi Barandika eta Mikel Mancisidor mutrikuarraren aurka jokatuko dute.

Ondoren, Ekaitz Mendizabal “Goixerri” eta Unai Lekerika alde batetik, eta Jon Goenaga eta Aimar Aldazabal bestetik, izango dira aurrez aurre. Bikote garaileek datorren ostiralean, uztailak 23, JAWT 2021aren bigarren titulua erabakitzeko jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.

Sarrerak 15 eurotan daude salgai, 634426588 telefonora deituz.

Mutrikun zesta-puntako Gipuzkoako denboraldia hasteak JAWT-aren txapelketak antolatzen dituzten bi lurraldeetako lehiaketen aktibazioa dakar, zirkuituaren motorrak errendimendu betean jarriz.