Duela hamar egun jokatu zen MARKINA XEMEIN JAI ALAI GRAND SLAMeko final handia Markinako UNI pilotalekuan eta, beste behin, Munduko Pilota Batzarra gure kirolaren alde lanean aritu da. Harmailak jendez gainezka eta etxeko bikotearen aldeko oihu eta kantuak aireratuz. Erkiaga eta Zabalak, ikuslegoaren laguntasun horrekin egin zieten aurre Olharan eta Etchetori.

Jaialdiari hasiera emateko, gazte mailako finala jokatu zen, partida gogor, parekatu eta ikusgarri baten ondoren, Eñaut eta Manzik jantzi zuten txapela. Mutrikuarrak 2 eta 1 (15-11, 12-15 eta 5-2) gailendu zitzaizkien Aaron eta Ibarluzeak osatutako bikoteari.

Gazteen partiduarekin ikuslegoa jada final handirako berotuta, eman zitzaion hasiera final handiari. Harmailetan Erkiaga eta Zabalaren aldeko oihuak gailendu arren, Olharan eta Etcheto ez ziren kikildu eta pilotalekuko giro ederraz eta partiduaren mailaz gozatzea lortzeaz gain, 14-15 irabazi zuten lehen jokoa.

Erkiaga eta Zabalak baina, bazekiten etxean zeudela, eta Erkiagaren maisutasunari eta Zabalak atzean eusteari jarraitzaileen indarra gehituz, partida 1-1 berdintzea lortu zuten 15-11ko emaitzarekin. Hirugarren jokoan, berriz ere Olharan eta Etcheto aurretik jarri ziren, 0-2. ETxeko bikotea baina denboraz esnatu eta buelta ematea lortu zuten, joko honekin batera partida ere irabazteko, Erkiaga-Zabala 2 (14-15, 15-11, 5-2) 1 Olharan-Etcheto.

Beraz, baditugu Jai Alai World Tour 2022 zirkuituko MARKINA XEMEIN JAI ALAI GRAND SLAMeko txapeldunak! Oraingo honetan etxekoak, ARITZ ERKIAGA, maisu handia, eta JON ZABALA, bullet!