Momentuko bi aurrelari onenek elkarren aurka jokatuko dute gaur, Hondarribiko Grand Slameko lehen jardunaldian. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aritz Erkiagak, Aimar Aldazabalek eta Nicolas Etxetok lagunduta, 20.00etan ekingo diote txapelketari.

Goiko nahiko denboraldi ona egitetik dator. Azken partidetan besoan arazoren bat izan duela onartu duen arren, “hori ahaztuta” dagoela esan du. “Fisikoki oso ondo sentitzen naiz, baita joko mailan ere”, adierazi du aurrelariak. Grand Slamerako bere helburua?: “Partidaz partida joango gara, entrenamenduetan ondo moldatu gara eta kantxan ere hala egingo dugula uste dut. Gure maila lortuz gero, emaitzak iritsiko dira, ziur “.

Aimar Aldazabal aurrelariarekin bat dator, baina taldeko beste bi bikoteen sendotasunaz ohartarazi du: “Erkiaga eta Olharan bolada onean egon dira udan”. Hala ere, Goiko eta bera tandem “nahiko barneratua” direla uste du eta emaitza onak lortzea espero du.

Bestalde, Aritz Erkiagak ez du zalantzarik uda honetan “gustura” sentitu dela esateko. Eta ez da gutxiagorako: Gernikan, Unai Lekerikabeaskoarekin batera, txapela eskuratu zuen. Epe motzeko helburua: ligaxkako bi partidak irabaztea. “Bat galtzen baduzu gainerakoek egiten dutenaren arabera joaten zara; biak irabazi behar dira”, esan du irmotasunez. Markinarrak Goiko eta Aimarren aurkako lehen partida hau “garrantzitsua” izango dela uste du, baina “gainditu beharreko bikotea” Olharan eta Del Rio direla uste du. “Biak eskuindarrak dira eta tanto asko egiten dute, guri tokatuko zaigu defendatzea”, azaldu du.

Etxeto ere une onean dago. “Udan ez dut asko jokatu, baina sasoian nago”, esan du, “Erkiaga udako aurrelaririk onena izan da, mundu guztiak ikusi ” duela gehituz.

Jostaldi pilotalekuan ez ezik, partida hau eta bigarrena, Jokin Arbek eta Imanol Lopezek Diego Beaskoetxea eta Jon zabalaren aurka jokatuko dutena, ETB1en izango dira ikusgai, 22.00etatik aurrera.