Joan den larunbateko Gernikako Grand Slamaren hasiera bikainaren ondoren, gaur gauean jokatuko den bigarren jardunaldiak konpetizioaren ibilbidea zehaztuko du. Olharan-Aldazabalen eta Erkiaga-Lekerikaren garaipen erabakigarrien ostean, bi bikoteek finalerdietarako txartela jokatuko dute gaur, Goikoetxea-Etxeto eta Hormaetxea-Zabala bikoteen aurka, hurrenez hurren.

Argi dago, ez dute erraza izango. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Nicolas Etxeto dira faboritoak, baina pasa den asteburuan Gernikan ikusi genuen Olharan handia, Ibon Aldazabalekin batera, txapelketaren goikaldean sendotu daiteke, Barandika eta Lopezen aurrean erakutsi zuen maila errepikatzen badu.

Baina talka horren aurretik, Hormaetxea eta Zabala sartuko dira lehian. Beraiekin Erkiaga eta Lekerika egongo dira kantxan, pasa den asteburuan Beaskoetxea eta Del Río garaitu ostean, 11-15, 6-15 eroso batekin.

Hau izango da ETB1en ikusi ahal izango ez den Grand Slameko jardunaldi bakarra. Gernikan, beraz, ezinbestekoa izango da frontoira joatea partidua ikusteko. Sarrerak agortzen ari dira Interneten, baina ehun inguru gordeko dituzte leihatilan saltzeko.

Grand Slameko multzoen faseak beste jardunaldi bat iraungo du (abuztuak 7). Finalerdiak abuztuaren 14an jokatuko dira eta finala, 16an.