Gernikako Grand Slamak luxuzko hasiera izan zuen atzo. Jai Alai pilotalekuak okupazio zifra onak izan zituen (800 lagunentzako tokia izan zuen, egoera pandemikoa zela eta) eta bi partidetan bikote urdinak nagusitu ziren, Erkiaga-Lekerika eta Olharan-Aldazabal, Grand Slameko sailkapen ligaxkan aurrea hartu zutenak.

Jardunaldia Diego Beaskoetxea eta Julen del Riok Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikaren aurka jokatu zuten partidak ireki zuen. Lehen setean kosta egin zitzaien pilotariei erritmoa aurkitzea 11-11ra arte eta, ondoren urdinek 11-15eko final sendoa sinatu zuten, Ispasterkoaren erremate gogor baten ostean.

Lehen zatiko garaipenak Erkiaga eta Lekerikaren jokoa sendotu zuen, eta bigarren setean askoz seguruagoak izan ziren, eta gorriak, Beaskoetxeak joakaldi ederrak egin arren, behera etorri ziren. Lekerika harresi bat izan zen urdinen atzealdean, eta Erkiaga puntuak lortzeaz arduratu zen; bien artean 6-15eko emaitzarekin bukatzea lortu zuten gaueko lehenengo talkan.

Bigarren topaketa erabat bizia izan zen hasieratik bukaerara. Xabier Barandikak, Imanol Lopezek, Jean Olharanek eta Ibon Aldazabalek zesta-puntako klase magistrala eman zuten, jokaldi luzeetako lehen set batekin, fisikoki oso gogorra, eta oso parekatua. Lehen zatian, Barandikak eta Lopezek seta ixten jakin zuten, eta 13-13koa Ibonen falta batek desberdindu zuen. Ondoren, Barandikaren erremate batek garaipena eman zien gorriei (15-13).

Jarraian, Olharanek eta Alzabalek jokoa menderatu ahal izan zuten bigarren set ia osoan, 8-14ra arte. Lehen zatiko jokaldi luzeen nekeak urdinak traizionatu zituen eta Barandikak eta Lopezek 13-14ra bultzatu zuten markagailua, baina ezin izan zuten partida irabazi (13-15).

Jardunaldiari amaiera emateko, Barandika eta Lopez garaipenaren tanto bakarrera jarri ziren azken setean (4-1), eta Olharanek eta Aldazabalek, ustekabean, 4-5eko emaitzarekin buelta ematen jakin zuten, ikusleen gozamenerako.

Grand Slameko multzoen faseak beste bi egun iraungo du (uztailak 31 eta abuztuak 7). Finalerdiak abuztuaren 14an jokatuko dira eta finala, 16an.