JAI ALAI WORLD TOUR 2021-ak amaiera emango dio ostiral honetan, uztailaren 23an, Miruaitzen ospatzen ari den bere lehenengo jaialdi gipuzkoarrari, gaueko 22.00etan. Jardunaldiak bi partida izango ditu, hauen artean Mutrikuko Master Serieseko finala.

Lehen partiduan Jokin Arbe Markinako txapeldun berria eta Aratz Mendizabal mutrikuarra, “Goixerri”-en gazteena, Etxebarriako Antxon Alberdiren eta Unai Uranga zumaiarraren aurka arituko dira. Azken bikote hau aspaldiko ezaguna da Miruaitzen, Alberdik eta Urangak elkarrekin parte hartu baitzuten pilotaleku honetan 2019ko Interjai jaialdian.

Finalean, Xabi Barandika eta Mikel Mancisidorrek Jon Goenaga eta Aimar Aldazabalekin tituluarengatik jokatuko dute. Bi bikoteek joan den larunbatean eskaini zituzten abilezia erakustaldiei erreparatuz, final borrokatua eta kalitatezkoa izango da.

Sarrerak 15 eurotan daude salgai, 634426588 telefonora deituz.

Gogoan izan behar da Goenaga eta Aldazabal joan den larunbatean sailkatu zirela, Unai Lekerika eta Ekaitz Mendizabal “Goixerriren” aurka 1-0 galtzen joan arren, Ekaitz bizepsan izandako lesio baten ondorioz. Munduko Pilota Batzarrak jakin ahal izan duenez, Ekaitz Mendizabali ebakuntza egingo diote gaur Donostian bizepsaren tendoia hausteagatik. Bere errekuperazioa hiru hilabete ingurukoa izango da, beraz, Goixerri, momentuz, JAI ALAI WORLD TOUR txapelketatik kanpo dago.