Gernikako Grand Slameko finalerdiak giro bikainarekin ospatu ziren atzo Jai Alai pilotalekuan. Azken asteotan gernikarrek ezer frogatu badute, zesta-punta 2021ean inoiz baino biziago dagoela da; izan ere, ikusleen artean ere nabarmena izan zen atzo adin aniztasuna, umeetatik frontoietako ezagun zaharretaraino, bai eta harmailetako genero parekotasuna ere, sarrerak agortu ondoren topetaraino egon baitziren.

Pilota festaren testuinguru horretan, lau protagonista argi izan ziren atzoko finalaurrekoetan. Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek alde batetik, eta Aritz Erkiagak eta Unai Lekerikabeaskoak bestetik, garaipen bana lortu zuten kantxan eta, beraz, bihar jokatuko dute Gernikako Grand Slam txapelarengatik txapelketako final handian.

Barandikak eta Lopezek Alex Hormaetxea eta Jon zabalarekin egin zuten topo lehen partiduan. Gorriak ez zizkieten gauzak batere erraz jarri. Lehen setaren hasieran urdinek aldea egin zuten markagailuan, 2-7ko partzialarekin, baina Hormaetxeak eta Zabalak, tantoak aurrera joan ahala jokoa sendotuz joan zirelarik, 13-13koan berdintzea lortu zuten. Jokoa ona izan arren, Lopezek ere hainbat akats egin zituen atzealdean. 14. tantoan beste berdinketa bat lortu ondoren, Barandika eta Lopez nagusitu ziren lehen zatian.

Urdinen nagusitasuna argiagoa izan zen bigarren setean, Imanol Lopezen eta, bereziki, Barandikaren joko paregabearekin. Zentzu horretan, nabarmentzekoa izan zen azken tantoa, Hormaetxearen errematea gainditu ondoren, Barandikak txik txak bat sartzea lortu baitzuen. Tanto polit horrekin, gernikarrak 9-15eko emaitzarekin lortu zuen garaipena urdinentzat bigarren zatian.

Ondoren, Jean Dominique Olharan eta Ibon Aldazabal Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikaren aurka aritu ziren, eta Pauekoak zesta-puntako artista dela erakutsi zuen beste behin ere. Aldazabalekin batera, Olaharanena erakustaldia izan zen lehen zatian, eta urdinek 7-15eko emaitzarekin bukatu zuten.

Grina gorrien bikotearengana itzuli zen partidaren bigarren zatian. Erkiagak bere lekua aurkitu zuen kantxan eta, atzelari gaztea lagun zuela, tanto ederrak egin zituen setean. Gorriek kantxa bereganatu zuten bigarren zati honetan, markagailua eta partida irauliz (15-8).

Berdinketa hausteko seta oso berdinduta eta tentsioarekin garatu zen amaierara arte. Berdinketak 1-1ean, 3-3an, 4-4an… eta azkenik, gorriek 5-4ko emaitzarekin itxi zuten partida, ikusleen kantuez lagunduta.

Beraz, astelehen honetan, abuztuaren 16an, Jai Alai pilotalekuak final handi bat hartuko du 12.00etan (ETB1en, gauean, 22.30etik aurrera). Gainera, Xabier Barandika eta Unai Lekerika etxean arituko dira, eta, seguru asko, euren lagun eta familien babesa izango dute.

Goikoetxeak eta Etxetok ere parte hartuko dute jardunaldian, lehenengo partiduan; hauen kontra jokatuko duen bikoteak erabakitzear dago.

Hormaetxea-Zabala vs Barandika-Lopez: 14-15, 9-15 Erkiaga-Lekerika vs Olharan-Aldazabal: 7-15, 15-8, 5-4