Barandika eta Etcheto izan dira “Grand Slam Donostia 2022ko” txapeldunak, finala tarteko izan duen Carmelo Balda pilotalekuko bostgarren eta azken jardunaldi honetan. Harmailak jendez gainezka ikusteak sortzen duen zirrararekin soilik, 1.200 ikusle, nabari da zesta punta berriz ere indarra hartzean ari dela gure lurretan. Ikusleek mailaz igotzen joan den txapelketa handi bat ikusteko aukera izan dute, larunbateko finalarekin bukatu zena, Barandika eta Etchetoren garaipenarekin hain zuzen ere. Bikote honek bere onenean dagoela erakutsi du txapelketa honetan, finalean 0-2 (13-15 eta 06-15) gailenduz Aritz Erkiaga eta Lekerikak osatutako bikote indartsu baten aurrean.

Jaialdia emakume puntisten erakustaldi Eder batekin hasi zen. Neska gazteak izan arren, partiduari ez zitzaion ezertxo ere falta izan. Tanto bikainak jokatu zituzten bi bikoteek, defentsan zein erasoan erakustaldia emanez, eta azken unerarte emozioa nagusiizan zen. Azkenean Ihart eta Maialenek 25-24 garaitu zuten Naroa eta Eneritzek osatutako bikotea.

Erakustaldi hau eta gero hasi zen final handia, taldekako faseko errebantxa itxura zuena, orduko hartan Barandika eta Etchetok irabazi zuten bi jokotan (11-15 eta 14-15). Baina finaleko markagailua hutsetik hasi zen berriz, 0-0. Lehen jokoan A.Erkiaga eta Lekerika aurreratzen ziren tantoak aurrera joan ahala, lehen atsedenaldira 8-6 aurretik sartuz. Urdinek baina ez zuten amorerik eman eta 11-11 berdintzea lortu eta gero, partiduari guztiz buelta eman eta 13-15 irabazi zuten lehen jokoa. Ordurako, txapeldun izango zirenak gusturago zeuden kantxa barruan, hutsik egin gabe eta erasoan ausart eta konfidantzarekin.

Bigarren jokoan, bikote gorriaren nahi eta ezina ikusi zen. Huts asko eta Lekerika lesio bat tarteko, bigarren joko eroso bat izan zuten Barandika eta Etchetok, eta 06-15eko emaitzarekin eraman zituzten bigarren jokoa, partida eta final handia. Gauzak horrela, BARANDIKA eta ETCHETO GRAND SLAM DONOSTIA 2022ko TXAPELDUN!