OLHARAN-LÓPEZ vs GOIKOETXEA-BASQUE: 15-14, 10-15, 5-2 (2-1)
* Lópezek irabazten duen hirugarren Gernikako Grand Slama.
* Bost urte eta gero, Pauko aurrelariak eta Zumaiako atzelariak, berriz irabazi dute Gernikako Grand Slama elkarrekin.
* Emozioz eta une zirraragarriz beteriko finala, hirugarren jokoan erabaki zen.
* Basque atzelari gazteak bikain eutsi zion bere lehen Grand Slameko finalari eta Goikoetxeak tanto ikusgarriak egin zituen, ikusleak hainbat aldiz zutik jarriz.
Giro ezinhobea bizi izan genuen Gernikako Jai Alai pilotalekuan, jendez gainezka eta zuriz jantzita San Roke egunez. Honez gain, final handiaren zuzeneko emanaldirako EITBko lantalde guztia bertan izan genuen, bai telebistako kideak (ETB-1) eta, baita, irratikoak ere (Euskadi Irratia eta Radio Euskadi).
Jaialdiko partida bakarra zen final handian, Olharan eta Lopezek garbi zeukaten nola jokatu, hasieratik Goikoetxea partidutik kanpo hutsiz eta partidaren pisua Basque gazteari atzean kargatuz. Joko horrekin min izugarrria egin zuten atzeko koadroetan eta 7-1 aurreratu zen bikote gorria, partiduari emozioa kenduz. Partidaren momentu horretan Lopezek zesta aldatu behar izan zuen eta orduan berpiztu zen Goikoetxea. Jokoan sartzea lortu zuen, bere bertsio onena erakutsiz eta tanto izugarriak eginez. Honek, Basque lasaitzea ekarri zuen, atzean sendo arituz. Zumaiarraren bukatutako tantoei esker 8-7 hurreratu ziren markagailuan.
Olharan eta Lopez baina, ez ziren guztiz lokartu eta partiduari eustea lortu zuten. Olharanek ongi jokatutako bi tantori esker 12-9 aurreratuz. Bikote urdinak ere berean jarraitu zuen, Basquek aurrean dotore moztutako tanto zoragarri batekin eta Goikoren erakustaldiarekin. Horrela lortu zuten partidako lehen berdinketa, 12-12. Eta baita aurretik jartzea ere, 12-13. Beste berdinketa bat 13-13, eta Basqueren beste moztutako batekin 13-14 berriz urdinak aurretik. Lehen jokoak bikote urdinarentzat inoiz baino itxura hobea zuenean, Goikok erasoan huts egin zuen, Lopezek ekartzeko ia eziñezkoa zen txik-txak bat txapa gainean jarri ondoren. 14-14 berdin, Olharan sakera, Goikoetxeak errestoa airez hartu eta pilota atzeratzen saiatu zenean esker paretan gora joan zitzaion. Honela bukatu zen lehen jokoa, 15-14 bikote gorriarentzat. Emozioz eta tanto ederrez betea.
Bigarren jokoan bikote urdina izan da nagusi. Nahiko parean hasi ziren, 3-3, baina urdinek lehen jokoan hartutako dinamika onarekin jarraitu zuten. Basque seguru eta lan ona eginez atzeako koadroetatik eta Goikotxea tanto ederrak eginez. Joko guztian zehar aurretik mantendu ziren, 6-8, 8-14 eta 10-15 bukatu zuten jokoa, Basque partiduko hirugarren moztutako zoragarri batekin.
Ikusleek berdinketa eta hirugarren jokoaz gozatu nahi zuten, eta horrela izan zen. Gorrientzat ongi hasi zen hirugarren joko hau. Goiko Olharanen lehen sakera sart zen baina ez zuten pilota zestan ongi sartzea lortu eta bigarren tantoan Olharanek defentsarako aurreratuta zegoen Basque gainetik pasa zuen, 2-0. Une horretan Goikok bi txik-txak jarraian lortuta, 2-2 berdinketa jarri zuen markagailuan. Baina gorriak gehiago izan ziren peloteoan, eta atzean bukatutako tanto batekin eta Lopezek rebesarekin jeitsitako beste batekin, 4-2 aurreratu ziren. Azken tantoa ere bikote gorriak dominatu zuen, Goiko Basqueri laguntzera atzeratzera behartuz, baina ez zen pilota ongi hartzera iritsi. Honela bukatu zen Gernikako San Roke eguneko final handia, hirugarren jokoan Olharan eta Lopezen aldeko 5-2ko emaitzarekin. Lan asko egin beharrarekin lortutako garaipena Olharan eta Lopezentzat, partidan mantentzea lortuz une zailenetan eta ahal zutenean peloteoan gailenduz. Atzelari zumaiarrarentzat Gernikan irabazten duen hirugarren Grand Slama, horietatik bi Olharanekin (2017 eta 2022), bestea Beaskoetxearekin irabazi zuen (2019).

